Sarrera

Europa kontinentearen mugak hauexek dira: Ozeano Atlantikoa mendebalderantz, Artikoa iparralderantz, Ural mendiak eta Ural ibaia ekialderantz, Kaspiar itsasoa, Kaukaso mendilerroa eta Itsaso Beltza hego-ekialderantz eta Mediterranear itsasoa hegoaldean. Asiarekin batera Europak superkontinente bat osatzen du: Eurasia. Superkontinente horren bostena da Europa. Zabalerari begiratuz gero, Europa munduko bigarren kontinenterik txikiena da, 11.000.000 km² izanik Ozeania baino apur bat handiagoa baita. Biztanle kopuruaren aldetik, berriz, hirugarrena da, Asiaren eta Afrikaren atzetik. Europako biztanleak 2001. urtean 666.498.000 zirela kalkulatu da.

Historia

Europan gizakien presentzia Homo Erectusen etorrerarekin hasi zen.

Idatzitako historia Antzinaroan hasi zen. Antzinako Grezian eta Erroman Europako lehendabiziko zibilizazio letradunak izan ziren. Garai horietan, gaur egun Europako sustraiak sortu ziren: Greziakoak dira ezagutzen ditugun filosofia, artea eta historia bera ere; erromatarrak, berriz, zuzenbidea, alfabetoa eta hizkuntza andana (hizkuntza erromantzeak hain zuzen ere) besteak beste. Gainera, garai horietan kristautasuna hasi zen hedatzen

Europan barnan ere borrokak ohikoak izan ziren, XVI. eta XVII. mendeetan erlijio kontuengatik batez ere. Hogeita Hamar Urteko Gerra horietako garrantzitsuena izan zen. Pixkanaka, besteak beste Rene Descartes eta Isaac Newtonen lanei esker, arrazionalismoa eta ilustrazioa (Europak beretzat dituen beste bi ikur) zabaldu ziren, eta, garaiko egoera politikoa irauli zen. Lehendabiziko iraultza Ingalaterrakoa izan zen, baina, eraginengatik, askoz inportanteagoa Frantziakoa izan zen. Horretan, luze iraun zuen feudalismoari amaiera ofiziala eman zitzaion. Ideia berri horiek hedatzeko, Napoleondar Gerrek Europa osoa suntsitu zuten berriro.

Batzeko ahalegin horien aurka, nazionalismoa sortu zen Europan XIX. mendean. Horren harira, Alemania eta Italia batu ziren, eta Balkanetan gatazkek etengabeak ziruditen, zenbait herrik independentzia aldarrikatzen baitzuten. Aldi berean, Erresuma Batuan sortutako Industria Iraultza iparraldeko Europan zehar hedatu zen XIX. mendean, une horiek arte ezagutu zen egoera ekonomikoa guztiz irauliz. Bidegabekeria sozialari bukaera eman nahian, Karl Marxek bere teoriak plazaratu zituen, zeinek eragin sakonak izatekoak ziren hurrengo urteetan.

Munduaren jabeak, Europako estatu gehienak, nazionalismoak akuilatuta, nagusitasuna nork zeukan ikusteko borrokatu ziren berriro XX. mendearen hasieran. Lehen Mundu Gerra latz horrek Europako inperioen amaiera ekarri zuen, baita Errusiar Iraultzaren eskutik munduko lehen estatu sozialistaren sorrera ere. Alemaniaren porrotaren eta 1929ko krakaren ondorioz, Adolf Hitlerrek boterea eskuratu zuen Berlinen. Benito Mussoliniren Italian bezala, faxismoa edo, behintzat, autoritarismoa, Europa osoan zehar zabaldu zen.

Geografia

Europako golko eta itsaso nagusiak Bizkaiko golkoa, Ipar itsasoa, Itsaso Baltikoa, Mantxako itsasoa eta Mediterraneo itsasoa (barnean Itsaso Adriatikoa, Egeo itsasoa, Alboran itsasoa, Marmara itsasoa, Itsaso Beltza, Joniar itsasoa eta Tirreniar itsasoa dituena) dira. Bere artean zenbait itsasarte daude: Gibraltar, Dardaneloak, Bosforo, Messina eta Oresund itsasarteak dira.

Kontinenteko penintsula nagusiak Eskandinavia, Iberiar penintsula, Italia, Balkanak, Kola, Jutlandia eta Krimea dira.

Uharte nagusiak honako hauek dira:

  1. Britainia Handia, 218.000 km².
  2. Islandia, 103.000 km².
  3. Irlanda, 83.000 km².
  4. Zembla Berriko Ipar uhartea, 49.000 km².
  5. Zembla Berriko Hego uhartea 33.000 km².
  6. Sizilia, 25.000 km².
  7. Sardinia, 24.000 km².
  8. Zipre, 9.200 km².
  9. Korsika, 8.700 km².
  10. Kreta, 8.300 km².
  11. Seelandia, 7.500 km².
  12. Eubea, 3.900 km².
  13. Mallorca, 3.600 km².
  14. Malta, 316 km².
  15. Fionia, 3.400 km².
  16. Faroe uharteak, 1.390 km².
  17. Eivissa, 560 km².
  18. Menorca, 690 km².